Berako xokoak
Herriko Etxea
Herriko Etxea hartzen duen eraikina 1776. urtekoa da. Estilo neoklasikokoa da, gerora aldaketak izan dituena. Harlanduzko sei arkuk osatzen dute arkupea. 1983an, fatxada berritzean, pintura aztarnak agertu ziren. Aztarna horietan oinarrituta Julio Caro Barojak egin zituen marrazkiak, eta Juan Larramendi margolari beratarrak pintatu.
San Esteban eliza

Defentsarako erabilitako dorretxe gotiko bat zen oinarrian. XVI. mendetik aitzina eliza gisa erabili zen, eta 1632. urte aldera berritu eta haunditu zuten. Gurutze latindarreko oinplanoa du, eta gurutze-ganga nabarmenak ditu. Jatorrizko eraikuntzatik deus guti gelditzen da. Erretaula nagusia neoklasiko estilokoa da, XIX. mendekoa. Tartean, San Estebanen irudia ikusi ahal da -herriko zaindaria-, Bortzirietako armarriarekin batera. Elizako lanik garrantzitsuena, halere, organoa da. Amezua eta Jauregik egina, Nafarroako organo erromantikorik onenatzat hartu izan da. Hiru teklatuko organoaren ondoan korua egokitzeko oin biko aulkiteria dago, bisitariaren begietarako hagitz ikusgarria. Eliza atarian, garai bateko kanposantukoak ziren hilarriak ikusi ahal dira.
Aroztegia (Larunbe)
Legiako armak biltzen ditu, eta etxea eraiki zeneko urtea, 1796. Independentziako gerran, 1813an Gasteizko gudaldiaren ondotik ihesi zetorrela, Jose Bonapartek bertan egin zuen lo. Beranduago Wellington Dukea ere bertan izan zen.
Donfelipebaita (Larratxe)

XVIII. mendeko arkitekturaren eredu bat da, gerora elementu gehiago erantsi bazaizkio ere. Hegoaldera ematen duen bortz arkuko galeria du hiru solairuetan.
Foru Plaza
Nafarroa Erresuma izatetik probintzia izatera pasa zen 1841eko abuztuaren 16ean, foruak aldatzeko legea indarrean sartzearekin bat. Foruaren berezitasunetako batzuk mantendu ziren, tartean pribilejio fiskalak. Forua kentzearekin Foruen Plazak agertu ziren Nafarroa osoan. Bertan dago Fermin Legiaren omenez altxatako irudia. Fermin Legia Berako Urrola baserrian jaio zen, 1787an. Espoz y Minaren armada Beran zegoela, boluntario sartu zen. 1813an frantziarren esku zegoen Hondarribiko gaztelua hartu eta garaitu zuen. Garaipen horregatik, teniente izendatu zuen Espoz y Minak.
Eltzaurpe-ttiki etxea

Arrasto gotikoak mantentzen ditu etxeak. Bazter bateko leihoa, atea, eta honetan dauden ikurrak: eguzkia, IHS hizkiak, ilargia eta lanerako tresnak. 1638an Bera erre zuen sutea baino lehen, mota honetako etxeak ohikoak ziren herrian.
Lazarobaita
XVII. mendearen bukaera eta XVIII.aren hasieran egindako etxea, egurrezko taila tipikoak dituena. Etxearen alde bakoitzean sarrerako ate bana ditu, eta erdian bertze bat haundiagoa, toskanar itxurako bi zutabez hornitua, seguruenik, noizbait, erdiko arkupean egonak. Karlisten gerran Carlos VII.ak hemen egin zuen lo.
Karnaxenea
Frantziarren eraso militarren ondorioz herria suak hartu zuen 1638ko uztailaren 16an. Gertaera hura gogorarazten du etxe honetako zurezko habean idatzirik dagoen testuak. Antza denez, Salbat Altzate Urtubik (Altzateko Jauna) zuzenean parte hartu zuen erasoan.
Altzateko plaza
Altzatetarren leinuari egiten dio erreferentzia karrika zein plazaren izenak. Dorretxe hura desagertua dago gaur egun. Zia errekaren bazterretan egon zitekeen dorretxea
Zelaia
Hargintza landuko etxea. Etxearen aitzineko aldeak eta bazterrak neurri beretsuak izatea deigarria da. Beheitiko solairuaren erdialdean gune zabal bat dago, garai batean morroientzat pasagune izandakoa, bazterretan ukuilua eta zerriztegia zeuden.
Itzea

Baroja sendiaren etxea, auzoari izena ematen diona. 1912an erosi zuen familiak, eta orduz geroztik bertan kokatu ziren. Bertan garatu zuten euren lanen zati garrantzitsua Carmen, Pio eta Ricardo Barojak, zein Julio Caro Barojak berak. XVII. mendearen azkenaldian eraikitakoa da, eta egurrezko hegatzeko taila ikusgarria du. XVI-XVII. mendeetan Nafarroan eta Aragoiko etxe eta jauregietan ohikoa den pizkunde garaiko estiloa du hegatzak. Errekaren bertze aldean, Jorge Oteizak Pio Barojaren omenez egindako oroitarria ikusi ahal da. Etxea ezin da bisitatu.
San Miguel Zubia
1813an Berak jasandako gerra zaurien fede ematen du hondar historiko honek. Bertan dago Daniel Cadoux militarraren heriotza gogora ekartzen duen hilarria.
Ibardin

Lapurdirekin mugan, Ibardingo gainak bista paregabeak eskaintzen ditu. Merkataritza-gune oparoa da, eta bisitariak janari-dendak, opari-dendak, jantziak, ostatuak eta jatetxeak topatuko ditu bertan.
