Mendiak eta ingurumena
Mendiaren kudeaketa
Beran mendia zaintzea antzinako gauza da. Zigorriaga, Larun, Santa Barbara eta Labiaga mendiak aspaldiko garaietatik Berako bizilagunentzat komunak ziren. Desamortizaziotik (1861 eta 1863) salbuetsiak izan zirela agerian uzten duten agiriak daude.
Berako komunala Erabilera Publikoko Menditzat izendatu zen, eta bi zatitan banatu zen:
- Zigorriaga eta Larun aldea (2.139 ha)
- Santa Barbara eta Labiaga (856 ha)
Eskualdeko klima itsasoaren eraginagatik nabarmentzen da eta Mendebalde-Iparmendebaldetik datozen haizeteen eraginagatik. Urtean 1.800 mm-ko prezipitazioak daude, eta urteko hezetasun erlatibo altuarekin batera, mendi hauek ezin egokiagoak dira landarediarentzat.
Berako mendiak mosaiko formako baso-masaz osatuak daude, gune ttiki anitzekin, espezie ezberdinez osatuak, plantazio garai ezberdinetakoak, azken mendean zehar eginak. Insignis pinu-masa da nagusi, orain hirurogei bat urte landatuak, eta egungo arazoen jatorri. Berako Udalak urtero insignis-pinu egurra kopuru handitan atera behar izaten du, eta ondorioz, basoberritze lan handiak egin behar izaten dira. Hala, basogintzarako aitzinkonturik handiena horretara bideratzen da, eta horien mantentze-lanak. Basoberritze horietan espezie ezberdinak sartzen ahalegintzen da, ahal den neurrian onura ekologiko handiagoa duten espezien alde, bereziki bertako haritzaren alde eginez.
Berako mendi batzordea hilabetean behin biltzen da, hilabeteko 3. asteazkenean 19:30tan udaletxeko pleno aretoan. Batzorde irekia da eta bertan mendian egin beharreko lanak eta ingurugiro arloan dauden proposamen eta ideiak aztertzen dire. Interesa duen guzia gonbidatua dago bilera hauetan parte hartzera.
Azken bortz urteotan Berako Udalak honako lanak egin ditu:
- 140 hektarea baino gehiago landatu da, produkzio azkarreko koniferak bertako haritz, lizar eta gereziondoekin orekatzen joan da.
- Egurra ateratzen den aldiro, araua zorrotz betetzen da, basoberrituz. Hala, ez da lur eremurik uzten 2 urte baino gehiagoz landatu gabe.
- Montoiako basoberritzea, 28,8 hektareetakoa, 2000. urtean egina (berriki sute batek kiskalia) edo Santa Barbarakoa (lehen aldia), 29 hektareetakoa, basoa berritzeko dagoen aukera agerian uzten dute.
Azken urteotan, zenbait gaitzek radiata-pinua Laricio-pinua bezalakoengatik aldarazazi dute, Artxelun (8,5 ha) edo Lizarnabarran (21 Ha), esate baterako. Armalgaņa inguruan, orain urte batzuk erretako eremuan, basoberritze lanak egin dira, 18 ha-tan.
2006rako ere hainbat lan aurreikusirik daude: Komiziarran 15,6 ha hostozabal eta 8,5 konifera, eta Santa Barbaran (2. aldia) 3 ha hostozabal eta 14 ha konifera.
Baso-lurretan bertzelako lanak ere egiten dira, landatzeaz gain:
- 29 km baino gehiagoko mantentze-lana bideetan, ezpondak eta urbideak garbituz, eta punturik makurrenak moldatuz.
- Itxitura zaharkituak kentzea: 10 km baino gehiagoko itxiturak kendu dira.
- Birsortze naturalerako itxiturak egitea: 2 km.
- Haritz eta Akazi-masetan 17,5 Ha-tako argitze-lanak
- Lapurdiko mugan sasi-garbitzea suaren babeserako: 17 ha, 3. mugarritik ia-ia Ibardineraino.
- Egindako basoberritze lanen mantentzea.
2007-2008 urtetako proiektua:
-Landaketa labiaga aldean -Suaren aurkako desbrozea Alkozpa-Ibardin eta Larunaldea -Zerrakura kentzea Uslaka aldean -Pisten moldaketa
