Urteko ospakizunak
Inauteriak
Hausterre asteazkenaren aitzineko egunetan ospatzen dira inauteriak:
- Ortzegun gizena: Goizean haurrak ateratzen dira puska biltzea egitera zingar-arraultze eskean. Arratsaldean, aldiz, Inudeak eta artzaiak dantzatzen ibiltzen dira.
- Larunbata: Kaldereroen konpartsa.
- Igandea: Inudeak eta artzaiak konpartsa. Mutilak neskaz janzten dira, eta neskak mutilaz. Dantzariekin batera hainbat pertsonaia bitxi agertzen dira, musikariekin batera.
- Astelehena: Goizean Zingar-arraultze eskea egiten da baserrietan eta karriketan. Inauterietako egun handia.
Besta Berri eguna
Gorpuzti egunez prozesioa egiten da. Txistulariek Alkate soinua jotzen dute, Berako doinua, besta honetarako bereziki egina. Prozesioaren ibilbidean maindire bat zabaltzen da bidearen erditik, eta honen bazterretan iratzea zabaltzen da. Paretetan, aldiz, loreak eta adaxkak paratzen dira. Herriko bandera dantzatzen da egun horretan.
Ekobera
Ekainean produktu ekologikoen azoka egiten da.
Sanesteban bestak
Herriko zaindariaren bestak abuztuaren 2tik 6ra arte izaten dira (abuztuaren 3a, Sanesteban eguna). Musika, dantzak, herri kirolak, kukaņa eta mota guzietako ikuskizunak izaten dira. Zaindariaren egunean, San Estebanen ohoretan meza nagusia izaten da, eta ondotik Berako bordon dantza eta makil dantza dantzatzen da. Arratsaldean, berriz, Berako aurreskua.
Lurraren Eguna
Urriko 4. igandean, Gure Txokoa Elkarteak antolatua, eskulangileak, gasna eta sagardo lehiaketak, bertako produktuen erakusketa, musika, dantzariak eta abar biltzen dituen besta eguna.
Olentzeroa
Abenduaren 24an Olentzerori kantatzen zaio. Arratsaldean haurrak ateratzen dira Olentzero eta bertzelako eguberri-kantak abestuz. Ilunabarrean helduen txanda izaten da.
Urtezaharra
Glin-glan
Urtezahar arratsaldean, haurrak auzoz auzo ibiltzen dira, etxeko atarietan Glin-glan, glin-glan, duenak ez duenari eman kantuarekin eskean. Fruitu lehorrak, goxokiak, frutak eta abar botatzen dira leihoetatik.
Diostesalbea
Urtezahar ilunabarrean kopla kantuan ibiltzen dira urte zaharra agurtuz, eta urte berria opatuz.
