Berakoudala.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Bera »  Pertsonaia ezagunak

Pertsonaia ezagunak

Joakin Aldabe (Bera, 1893-Orio, 1959)

Euskaraz, gaztelaniaz eta latinez idatzi zuen poesia. Berandu hasi zen idazten, 1953an. 200 lan baino gehiago idatzi zituen. Hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaboratu izan zuen, Karmel, Olerti, Principe de Viana, Diario de Navarra, La Voz de Españan...

Antonio Arandia (Bera, 1808-Bera, 1887)

Bonaparte Printzearen gutunen artean Antonio Arandiaren izena ageri da, "Benedicite" lanaren itzultzaile bezala. Ez dago bere berri gehiago.

Carmen Baroja (Iruñea, 1883 - Madril, 1950)

Iruñan jaio arren, bere bizitzako urte aunitz Beran eman zituen, Itzean. Ricardo eta Pio Barojaren arreba, eta Julio eta Pio Caro Barojaren ama. Ttikitandik Madrilera joan zen, eta bere anaiekin batera, 1900. urtetik aitzin, garaiko bizimodu artistiko eta literarioan aktiboki parte hartu zuen. Urregintzan, antropologian eta folklorean aritu zen, bertze jarduera eta jakintza aunitzen artean. Lyceun Club Femeninoko sortzaileetakoa izan zen, María de Maeztu, Zenobia Camprubí, Victoria Kneta eta Elena Fortúnekin batera. Hitzaldiak eman zituen, artikuluak, katalogoak eta liburuak idatzi zituen, bertzeak bertze, El encaje en España (1933), Martinito, el de la Casa Grande (1942), eta Joyas populares y amuletos mágicos (1949), bukatu gabe gelditu zena. Bizitzako azken urteetan bere memoriak idatzi zituen (Recuerdos de una mujer de la generación del 98), XX. mendearen lehen zatiko politika, kultura eta literatura arloko testigantza zuzena.

Pio Baroja (Donostia, 1872 - Madril, 1956)

Nahiz eta ez zen Beran ez jaio, ez hil, bizitzako urte aunitz eman zituen Beran, eta herriarekin berebiziko lotura izan zuen nobelagileak. Aitaren lanbideagatik Espainiako hainbat hiritan igaro zuen gaztaroa. Oinazeari buruzko tesiarekin medikuntzan doktoratu zen (1893) eta bi urtez Zestoako mediku izan zen; gero, Madrilen finkatu eta familiaren okindegia eraman zuen sei urtez. Madrilen, gerora "98ko belaunaldia" osatuko zuten idazle-talde gaztearekin harremanetan jarri eta aldizkarietan artikuluak kaleratzen hasi zen. Literaturari emana erabat, 1900ean argitaratu zuen bere lehen lana: Bizitza itzaltsuak kontakizun-bilduma. Hurrengo 10 urteetan, Europan barrena egindako bidaiez gainera, bere lanaren gune garrantzitsua osatzen duten 17 nobela kaleratu zituen; ospe eta entzute handia lortu zituen hartatik. Real Academia Españolan sartu zen (1935). Espainiako Gerra Zibilean ez zegoen inoren alde, baina karlistekin arazoak izan zituen Donezteben eta Donibane-Lohizunera ihes egin behar izan zuen (1936). Madrilera itzuli (1940) eta berriro idazteari heldu zion hil arte. Gaztetan anarkismoaren zalea izan zen, etsipenak hartu eta erlijio, etika edo politikarekiko mesfidantza nagusitu zitzaion arte. Idazle oparoa izan zen oso; 75 liburutan banatutako nobela eta kontakizunak idatzi zituen. Hiru aldi nagusi bereizten dira Barojaren nobeletan: lehena 1912 bitartekoa da; bertan, 98ko belaunaldiaren espiritua azaltzen du eta bere nobelarik garrantzitsuenak orduan idatzi zituen. Bigarren aldian (1912-36) narrazio-teknika pertsonala nagusitu zen; garai honetakoak dira abentura-nobelak eta historikoak. Hirugarren aldia 1936az geroztikakoa da, eta idazlearen gainbehera nagusitzen da. Nobelarik garrantzitsuenak hirunaka sailkatu zituen, guztira hamar trilogia osatuz: Karlistadan kokaturiko Euskal Lurra; hein handi batean autobiografikoa den Arraza; biziaren zentzuaren bila idatziriko Bizitza fantastikoa; Madrilgo langileen bizimoduan oinarritutako Bizitzeko borroka; euskal marinelen gertaerak jasotzen dituen Itsasoa; Iragana; Hiriak eta Egungo agoniak. Independentzi gerran eta Karlistadetan parte hartu zuen eta bere ahaide zen Eugenio Aviranetari buruzko sail bat eta zortzi oroitzapen-liburu ere idatzi zituen. Estiloari dagokionez, bere garaiko ohizko erretorikaren aurkako joera berritzailea azaldu zuen. Aurreko idazleek erabilitako nobelaz kanpoko elementuak baztertu egin zituen; oso estilo pertsonala zuen, xumea, esaldi motzen eta pasarte laburren aldekoa; zenbaitetan zuzentasunik eza ere kritikatu izan zaio. Bere sormenak eta kontaketarako dohain handiak ospe handia eman zioten eta ondorengo idazle ugarik maiz aitortu dute haren eragina.

Ricardo Baroja (Minas de Rio Tinto (Huelva), 1871 - Bera, 1953)

Pintore, grabatzaile eta idazlea. Serafinen semea eta Pioren anaia. Injinerutza ikasketak hasi eta osasun-arazoak zirela eta artxibozain-ikasketak burutu zituen. Politikaz arduratuta bizi izan zen beti. Automobil-istripu batean begi bat galdu zuen. 1885-1936 bitartean zaletasun handiz pintatu zuen eta 1937-52 bitartean zaletasuna bizibide bihurtzea lortu zuen. Nostalgiaz kutsatutako paisajeak dira bere koadro ezagunenak. Grabatuei dagokienez, garrantzi handiko lanak egin zituen: akuaforte, litografia eta heliograbatuak. Ehundik gora lan ondu zituen Madrilgo Arte Grafikoetako eskolako irakasle zelarik. Artista Grabatzaileen Elkartea haren inguruan sortu zen (1927). Idazle gisa literatur genero desberdinak landu zituen: kazetaritza, antzerkia (El cometa (1935), saiakera (Gente del 98, 1952), nobelak eta narrazioak (La nao capitana, 1935, El Dorado).

Julio Caro Baroja (Madril, 1914 - Bera, 1995)

Historialari, antropologo, etnologo eta hizkuntzalaria, Pio Barojaren iloba. Telesforo Aranzadi eta Jose Migel Barandiaranekin hasi zen antropologia ikasten. Madrilen antzinako historian doktoratu eta historia eta dialektologiako katedra-laguntzailea izan zen bertako unibertsitatean. Bere osaba Pioren bidez etnologian zaletu zen eta Madrilgo Museo del Pueblo Español-eko zuzendaria izan zen 1944-54 bitartean. AEBetan antropologia eta etnografia ikasi zuen. Hainbat herriren ikerketa geografiko eta etnologikoak burutu bazituen ere, batez ere Euskal Herrian egindakoengatik nabarmendu zen. Bere metodologiarekin ikerketa historikoen ikuspegi berria ekarri zuen, egungo "historia berria" delakoaren aitzindaria izan baitzen; zehaztasun zientifikoaz baina ironiaz burutu zituen bere lanak.

Historiako eta Hizkuntzako Erret Akademiako kidea, euskaltzain ohorezkoa eta Bartzelonako Letra Onen kidea izateaz gain, Alemaniako, Portugalgo eta beste hainbat tokitako arkeologi institutuetako kidea izan zen. RIEV aldizkariko zuzendaria izan zen. Hitzaldi ugari eman zituen, zenbait ikastaro eta jardunaldiren arduradun izan eta ehunka artikulu eta berrogei bat liburu idatzi zituen (Los Vascos, 1949; Los vascos y la historia a través de Garibay, 1972; La brujería vasca, 1975; De los arquetipos y leyendas, 1989; Las falsificaciones de la historia, 1991). EHUko antropologia filosofikoko katedra izan zuen (1982). Madrilgo ohorezko seme egin eta giza zientzietako Asturiasko Printzea saria ere jaso zuen 1983an.

Roman Dornaku (Bera, 1878-Hondarribia, 1959)

Elizgizona. Lekarotzen ikasi zuen, eta 19 urterekin kaputxino sartu zen, eta 1901ean apaiz izendatu zuten. Urte horretan bertan Filipinetara joan zen misioilari. Guam irlan bizi izan zen 50 urtez, eta lan itzela egin zuen bertako jendearekin. 200 lanetik goiti argitaratu zituen indigenen hizkuntzen gainean.

Hamalau hizkuntza menperatzen zituen: euskara, gaztelania, latina, grekera, hebreoa, italiera, frantsesa, ingelesa, bikola, panpangoa, pagasinana, tagaloa, txamorroa eta japoniera. Hizkuntza horietan guztietan hizkuntzak eta gramatikak idatzi zituen.

Euskara-gaztelania hiztegi bat idatzi zuen, eta Olendorffen metodoan oinarritutako euskal gramatika bat egin zuen. Buenos Airesen bere zenbait poesia saritu zituzten, eta hainbat lan itzuli zituen. AEBko lehendakariak Filipinetan japoniarren aurkako gudan izandako jarrera goraipatzeko domina eta diploma eman zizkion. Bere lan guztiak Washingtongo Kongresuko liburutegian daude.

Berekin zaku ttiki batean Berako lurra eramaten zuen, eta hiri eta herri guztietan lur pixar bat botatzen zuen.

Ignacio Errandonea (Bera, 1886- Azpeitia, 1970)

Jesuita eta helenista ezaguna. ESTE-ko sortzailea izan zen (gaur egungo Donostiako Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea), Espainiar estatuko lehenbiziko enpresa ikasketa fakultatea. Iruñako seminarioan hasi zituen bere ikasketak, eta 1903ko abenduan Loiolako nobiziotzan sartu zen. Filosofia bukatu ondotik, ikasketak eten, eta Kolonbiara bidali zuten. Irakasle gisa jardun zen 1911tik 1915era. Bere bigarren bokazioa zenari bultzada eman zion han, ikasketa klasikoei, eta bertan idatzi zuen bere lanik berrargitaratuena, Gramática Latina. Apaiz izendatu ondotik, Oxforden ikasi zuen bi urtez, klasikoetan batxiler titulua jaso zuen bertan, eta Madrilgo Unibertsitate Zentralean bukatu zuen doktoregoari hasiera eman zion. Razón y Fe aldizkari ezaguneko zuzendaria izan zen.

Juan Errandonea (Bera, 1917-Bera, 1966)

Eliza-lanetan parekorik ez duen ibilbidea egin zuen. 17 hizkuntza menperatzen zituen: euskara, gaztelania, latina, frantsesa, ingelesa, alemaniera, italiera, errusiera, turkiera, grekera, hebreoa, arabea, sumerioa, hitita, akadikoa, kaldeoa eta babilonikoa. Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Sumeria hizkuntzako katedraduna izan zen. Erromako Institutu Biblikoan hamaika urtez aritu zen ikasle. Bere lan gorena "Edén y paraiso" izan zen.

Isidoro Fagoaga (Bera, 1893 - Donostia, 1976)

Tenore eta kultur eragilea.Musika-ikasketak egin eta mundu osoan ospea lortu zuen. Toscaninik Milango Scalara eraman zuen Wagner-en operak abestera; pixkanaka Wagner-en operetan espezializatu zen. Alemanian eta Amerikan arrakasta handia lortu eta sari ugari jaso zuen. 1936ko gerra zela eta, Donibane-Lohizunera eta handik Argentinara erbesteratu zen. Urte latz horietan kantatzeari utzi eta Euskal Herriko musika eta musikariei buruzko liburuak (Retablo vasco. Huarte, Ravel por dentro, 1971; Domiku Garat. Biltzarraren defendatzaille, Jon Etxaidek itzulia 1979an) eta artikuluak idatzi zituen.

Ignacio Larramendi (1874-1960)

Idazle beratarra. Euskaraz idatzi zuen. Egile ezberdinek egindako lan batean bildu ziren argitaratutako bere lan bakarrak. Bere lanean Bidasoa, bertako jendea eta euskara dira erreferentzia nagusiak. Gizon elizkoia zen eta hori hagitz nabaria da bere lanean. Tenore ahots ona zuen, eta Alfonso XIII. erregearen ezkontzan kantatu zuen. Euskaltzaindian Nafarroako ordezkaria izan zen.

Juan Larramendi (Bera, 1917-2005)

Pintore beratarra. Bidasoako eskolaren ordezkari ezagunenetakoa zen. Beti eutsi zion arteaz zuen ikuspegiari: paisaia, paisaia eta paisaia.

Gazte-gaztetatik hasi zen pintatzen, etxeko sukaldeko paretak dekoratzen baitzituen bere arkatzekin eta aitaren onespenarekin. Naturak txoratuta, Bidasoako bazterretan bere paisaiak pintatzen hasi zen, baina Ricardo Barojaren animoak izan ziren pinturari lotzera bultzatu zutenak. 1944an egin zuen lehen erakusketa, Bilbon. Hurrengo urtean Iruñean erakutsi zituen lanak eta 1946an, Donostian eta Argentinako Mar de Platan, Flores Kaperotxipiren estudioan.

Baina gerra ondoko giroak, egoera ekonomiko larriak eta Parisen ezagututako korronte artistikoak Venezuelara eraman zuten. Han jaio zen bere semea, eta utzi behar izan zuen pintura, hortik bizibidea ateratzeko egoera ez baitzen sobera ona. Emaztearen eta bien artean jatetxea paratu eta pintura ahantzi zuen. 23 urte eman zituen deus ere pintatu gabe. 1969an Euskal Herrira itzuli zen, eta ailegatu eta gutira, Bilbon erakusketa egin, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Hortik aitzinera inoiz ez zion pintatzeari utzi.

Martin Olaetxea

Bertsolari honen berri guti dago. 1830ean liberalen aurkako bertso batzuk egin zituen, eta bereziki bere herrikide zen Fermin Legiaren kontra. Horiek dira Nafarroan ezagutzen diren idatzizko lehen bertsoak.